Kultura Berria
Kultura Berri batek enpresa konfiantzan oinarritutako proiektu partekatu bihurtzen du, enpresa trainerutzat hartzen baitugu, denok batera norabide berean arraunean eginez. Kultura Berri batek funtsezko 8 printzipio biltzen ditu
1. Helburu inspiratzailea
Funtsezkoa da egiten duguna zertarako egiten dugun zehaztea, gure helmuga partekatzea eta guztiok batera norabide berean arraun egitea. Helburu inspiratzaile eta partekatu batek (pertsona bakoitzaren helburuarekin bat eginda) zentzua ematen dio eguneroko lanari, konpromisoa eta partaidetza-sentimendua sustatzen ditu, motibazioa sendotzen du eta pertsona bakoitzaren bertsiorik onena eskaintzen du.
2. Konfiantza
Dena aldatzen duen gakoa da, gainerako guztia asko errazten duena. Pertsonek aukeratu behar dute, ezin da inposatu, eta haien konfiantza eskuratuz bakarrik lor daiteke. Pixkanaka eraikitzen da, denboran zehar landuz. Pertsonak bere buruarengan, besteengan eta erakundearengan duen konfiantza biltzen du. Konfiantza eraikitzeko, ezinbestekoa da arreta beste pertsonarengan jartzea, lankidetza-harremanak garatzea eta epe luzera begiratzea.
3. Balio partekatuak
Balioek funtsezko egitekoa dute enpresetan: gauzak nola egin behar diren finkatzen dute, pertsonen lana gidatu eta erabaki zuzenak hartzen lagundu, helburuak lortzeko bidean bateran aurrera egiteko. Partekatutako balioek eragin zuzena dute motibazioan eta konpromisoan, eta elementu garrantzitsua dira talentua erakartzeko eta fidelizatzeko. Era berean, baliagarriak dira bezero berriak lortzeko, partekatutako balioak eta inspiratzen duten balioak erakargarriak izan daitezke eta.
4. Jendearen ongizatea
Kultura Berriak pertsonak jartzen ditu erakundearen erdigunean, eta enpresa-proiektuaren iraunkortasuna bermatzen du. Pertsonen ongizatearen alde apustu egitea berez da ona. Baina gero eta argiago dago pertsonaren osasunari eta ongizateari denbora eta baliabideak eskaintzeak onura handiak ekartzen dizkiola enpresari. Hona hemen adibide batzuk: aurreztu egiten da estresarekin eta nekearekin lotutako gaixotasunetan, errendimendu profesional handiagoa lortzen da, marka-irudi hobea erdiesten da (eta, ondorioz, talentua erakarri eta fidelizatu) eta enpresarekiko leialtasuna areagotzen da. Pertsonak erdigunean jartzeak eskatzen du haien behar material eta emozionalei erantzutea, nola sentitzen diren galdetzea, haien osasun fisiko eta mentala zaintzea, dituzten gaitasunak garatzen laguntzea eta potentzialik handiena erdiesteko aukera emango dieten lan-inguruneak sortzea.
5. Lidergo Bideratzaile Eraldatzailea
Kultura Berria ezartzeko beharrezkoa da Lidergo Bideratzaile eta eraldatzaile bat, pertsonengan eta harremanetan bideratua egongo dena eta adibidearen bidez ideia desberdinak partekatzeko, elkarrizketa zailei ekiteko edo gauza berriak aztertzeko aukera emango duten espazio seguruak eta konfiantzazkoak sortzeko gai izango dena, porrotari beldurrik izan gabe. Horrelako inguruneetan, pertsonak ausartak izaten dira, sortzaileagoak dira eta enpresaren errendimendua eta ingurune aldakorrei erantzuteko gaitasuna handitzen duten irtenbide integratzaile eta berritzaileak bilatzen laguntzen dute.
6. Komunikazio Eraginkorra
Komunikazio ona funtsezkoa da helburuak lortzeko eta enpresaren funtsezko balioekin bat etorriz jarduteko. Komunikazio eraginkorrarekin, posible da antolaketa-prozesuak hobetzea, oztopoak ezabatzea, informazio garrantzitsua sortzea eta erabaki hobeak hartzea. Komunikazioa eraginkorra izan dadin, funtsezkoa da premietan oinarritutako benetako adierazpen zintzoa egiten ikastea. Beharrezkoa da, halaber, bide egokiak sortzea, pertsonen eta taldeen artean erraz partekatzeko, informazio osoa eta gardena ematzeko, konfiantza sortzeko eta pertsonei eta taldeei beren lana ondo egiteko eta erabakiak zorrotz eta autonomiaz hartzeko aukera emateko. Azkenik, garrantzitsua da entzute aktiboa eta enpatikoa garatzea, ideia berriekin talde-prozesuak etengabe berrikusteko.
7. Parte-hartzea
Kudeaketa-prozesuetan parte hartzeak konpromiso eta motibazio handiagoa eragiten die pertsonei, eta gogobeteago sentitzen dira beren ideiak entzun eta, askotan, ezarri egiten direla ikusten dutenean. Erabakitzeko eta arriskatzeko autonomia handiagoarekin batera, parte-hartzeak oso eragin positiboa du produktibitatean, sormena eta berrikuntzarako gaitasuna handitzen baitira, eta, aldi berean, gainbegiratzeko beharra murrizten baita. Parte-hartzea emankorra izan dadin, benetakoa izan behar du, konfiantzan eta gardentasunean oinarrituta egon behar da, pertsonen gaitasuna sustatu behar du modu autonomoan jarduteko eta boterea modu arduratsuan hartzeko.
8. Moldagarritasuna
Sistema, ekipo edo erakunde batek bere barne-dinamika modu arin eta eraginkorrean doitzeko duen gaitasuna da, ingurune aldakor, zalantzagarri eta konplexu batean gertatzen diren aldaketei erantzun egokia emateko. Hori lortzeko, pertsonek eta taldeek azkar irakurri eta jardun behar dute seinaleen aurrean, ezagutzak eta trebetasunak izan behar dituzte aldaketa-prozesuak hobeto kudeatzeko, ideia eta proposamen berriekin esperimentatu behar dute, funtzionatzen ez duena baztertu eta funtzionatzen duena indartu behar dute, eta ikasteko gaitasun hori antolaketa-kulturan ezarri behar dute.