Kultura Berria

Kultura Berriak enpresa eraldatzen du, eta konfiantzan oinarritutako proiektu partekatu bihurtzen du. Izan ere, enpresa traineru baten antzekoa dela uste dugu, guztiok norabide berean egin behar dugula arraun. Kultura Berriak funtsezko 8 printzipio biltzen ditu:

Fabrika

1. Helburu inspiratzailea

Funtsezkoa da egiten duguna zertarako egiten dugun zehaztea, gure helmuga partekatzea eta guztiok batera norabide berean arraun egitea. Helburu inspiratzaile eta partekatu batek (pertsona bakoitzaren helburuarekin bat eginda) zentzua ematen dio eguneroko lanari, konpromisoa eta partaidetza-sentimendua sustatzen ditu, motibazioa sendotzen du eta pertsona bakoitzaren bertsiorik onena eskaintzen du.

2. Konfiantza

Dena aldatzen duen gakoa da, gainerako guztia asko errazten duena. Pertsonek aukeratu behar dute, ezin da inposatu, eta haien konfiantza eskuratuz bakarrik lor daiteke. Pixkanaka eraikitzen da, denboran zehar landuz. Pertsonak bere buruarengan, besteengan eta erakundearengan duen konfiantza biltzen du. Konfiantza eraikitzeko, ezinbestekoa da arreta beste pertsonarengan jartzea, lankidetza-harremanak garatzea eta epe luzera begiratzea.

3. Balio partekatuak

Balioek funtsezko egitekoa dute enpresetan: gauzak nola egin behar diren finkatzen dute, pertsonen lana gidatu eta erabaki zuzenak hartzen lagundu, helburuak lortzeko bidean bateran aurrera egiteko. Partekatutako balioek eragin zuzena dute motibazioan eta konpromisoan, eta elementu garrantzitsua dira talentua erakartzeko eta fidelizatzeko. Era berean, baliagarriak dira bezero berriak lortzeko, partekatutako balioak eta inspiratzen duten balioak erakargarriak izan daitezke eta.

4. Jendearen ongizatea

Kultura Berriak pertsonak jartzen ditu erakundearen erdigunean, eta enpresa-proiektuaren iraunkortasuna bermatzen du. Pertsonen ongizatearen alde apustu egitea berez da ona. Baina gero eta argiago dago pertsonaren osasunari eta ongizateari denbora eta baliabideak eskaintzeak onura handiak ekartzen dizkiola enpresari. Hona hemen adibide batzuk: aurreztu egiten da estresarekin eta nekearekin lotutako gaixotasunetan, errendimendu profesional handiagoa lortzen da, marka-irudi hobea erdiesten da (eta, ondorioz, talentua erakarri eta fidelizatu) eta enpresarekiko leialtasuna areagotzen da. Pertsonak erdigunean jartzeak eskatzen du haien behar material eta emozionalei erantzutea, nola sentitzen diren galdetzea, haien osasun fisiko eta mentala zaintzea, dituzten gaitasunak garatzen laguntzea eta potentzialik handiena erdiesteko aukera emango dieten lan-inguruneak sortzea.

5. Lidergo eraldatzailea

Kultura Berria ezartzeko, lidergo bideratzaile eta kontzientea behar da, pertsonetan eta harremanetan ardaztua, ereduaren bidez espazio seguruak eta konfiantzazkoak sortzeko gai dena, aukera egon dadin espazio horietan ideia ezberdinak partekatzeko, elkarrizketa zailei heltzeko eta porrotaren beldur izan gabe gauza berriak esploratzeko. Horrelako inguruneetan, pertsonek arriskuak hartzen dituzte, sormen handiagoa dute eta elkarlanean jarduten dute, irtenbide integratzaile eta berritzaileak bilatzen; ondorioz, handitu egiten dira enpresaren errendimendua eta ingurune aldakorretara egokitzeko ahalmena (moldagarritasuna).

6. Informazio gardena

Informaziorik onena egiazkoa da, zintzoa, argia, zehatza, koherentea, xumea eta hartzaile guztientzat ulerterraza. Funtsezkoa da zehaztea pertsona bakoitzak zer informazio behar duen une bakoitzean, konfiantza sortu eta norberaren erantzukizuna suspertze aldera. Gardentasuna ere ezinbestekoa da berrikuntza sortzeko eta hazkundea ekartzeko; izan ere, erabakiak autonomia handiagoz hartzeko behar duten informazioa ematen zaie taldeei. Informazio gardena eman behar dugu, halaber, bezeroengan, hornitzaileengan eta beste eragileengan konfiantza sortzeko.

7. Komunikazio eraginkorra

Barne-komunikazio ona ezinbestekoa da helburuak lortzeko eta enpresaren oinarrizko balioen arabera jarduteko. Komunikazio eraginkorrari esker, antolakuntza-prozesuak hobetu ahal izango ditugu, bai eta oztopoak ezabatu, informazio garrantzitsua sortu eta erabaki hobeak hartu ere. Komunikazioa eraginkorra izan dadin, funtsezkoa da barneko eta kanpoko komunikazio-kanaletan lan egiten ikastea, entzute aktiboa garatzea, pertsonei zer jakin nahi edo behar duten galdetzea eta komunikazio zintzo eta egiazalean sakontzea.

8. Kudeaketan eta/edo emaitzetan parte hartzea

Kudeaketan parte hartzearen bidez, sormena, erabakiak hartzea eta konpromisoa sustatzen dira. Askatasunean, erantzukizunean eta autonomian oinarritutako ingurunea eskainiz, enpresak parte-hartzea sustatuko du; dena den, bere joko-arauak ezarri beharko ditu, ez baitago eredu orokor bat soilik. Gainerako printzipioak landu ondoren, gero eta enpresa gehiagok egiten du apustu pertsonak enpresaren emaitzetan partaide egitearen alde, haien motibazioa eta konpromisoa handitzeko eta, era berean, errendimendua eta lehiakortasuna areagotzeko. Enpresak irabazten badu, pertsona guztiek irabazi behar dute, denek jartzen baitute beren alea. Askotariko formulak daude, enpresaren hainbat bilakaera-adierazleri lotuta.